16. Etxebizitza
1. Arloa kopurutan
2012. urtean, gaitzetsi diren kexak edo beste herriaren defendatzaileren bati helarazitakoak kanpo utzita, guztira 121 erreklamazio jaso dira etxebizitzaren eremuan. Hau da, Ararteko erakundean izapidetutako kexa guztien %4,78. Dagozkien administrazioen arabera, kexak honela sailkatzen dira:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza).....99
– Tokiko administrazioa.....14
Bestalde, kexen gaiei erreparatuta, honela sailkatu dira kexak:
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura.....49
– Etxebizitza babestuaren alokairua.....36
– Etxebizitzarako sarbidea: premia frogatzea eta esleitzeko prozedura.....23
– Kalteak etxebizitza babestuetan eraikitze akatsengatik.....10
– Etxebizitza erosteko eta eraberritzeko laguntzak.....1
– Beste alderdi batzuk.....1
– Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazioaren erantzukizuna.....1
Urte honetan zehar kudeatu diren kexen izapidetze prozesuaren xehetasunei dagokienez, 2012. urtean jaso diren kexa guztiak, 2012ko urtarrilaren 1ean abian zeuden kexak barne, txosten hau idatzi zen unean ondorengo egoera honetan zeuden:
Hurrengo atalean nabarmendutako kexen gainean egin den azterketan ikusi ahal den moduan, herri-administrazioak harberak izan dira Ararteko erakundeak egin dituen proposamen eta gomendioen aurrean. Horren emaitza izan da herritarrek salatu dituzten jarduera okerren portzentaje altu bat modu positiboan konpondu dela.
Dena den, erantzuteko erabilitako epeei dagokienez, egiaztatu dugu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak oso gutxitan erantzun dituela gure laguntza eskaerak horretarako ezarritako epearen barruan eta, ondorioz, askotan zegokion errekerimendua bidali behar izan dugu.
2. Kexarik aipagarrienak
Etxebizitza arloaren barruan dauden gaien sailkapenari jarraituz, herritarren erreklamazioa eragin duten kontu nagusiak aztertuko ditugu jarraian.
2.1. Etxebizitza eskuratzea: premia frogatzea eta esleitzeko prozedura
Aurten herritarrek aurkeztutako kexa batzuetan azaltzen zen babes ofizialeko etxebizitzen esleipendun izandako zenbait familiek etxebizitza aldaketa bat eskatu dutela hainbat arrazoi direla-eta, esleitutakoa egokia ez zela uste zutelako, hala nola, tamainagatik, kokapenagatik edo haren ezaugarri teknikoengatik. Aztertu ditugun kasuetan, geroago aipatuko ditugun salbuespenekin, egiaztatu ahal izan dugu ez zirela eskatutako legezko baldintzak betetzen edo ezin izan dela egiaztatu eskatutako aldaketaren beharra. Hori dela-eta gure esku hartzea amaitutzat jo dugu babestutako etxebizitzen erabiltzaile ziren familien nahiak gaitzetsi dituzten herri-administrazioei ezer leporatu gabe.
Bi seme-alaba nerabe dituen herritar batek mahai gainean jarri zuen kasua, aldiz, desberdina zen. Alokairuko babes ofizialeko etxebizitza bat esleitu zioten, logela bakarra zuena eta 37,45 m2-ko azalera erabilgarria zuena. Kasu horretan erreklamatzaileak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari etxebizitza aldatzeko eskatu zion baina sailak ez zuen onartu bere ustez etxebizitza onartu izanak ez ziolako etxebizitza handiagoa eskatzeko aukerarik ematen. Herritarraren erreklamazioa aztertu ostean, ondorioztatu genuen kexagileak honetarako eskubidea zuela: etorkizunean sailak pertsona bakoitzeko 15 m2 erabilgarriko gutxieneko ratioa betetzen duen babes ofizialeko etxebizitza esleitu diezaion eta gure iritziaren oinarriak jasotzeko “2012ko apirilaren 17ko Arartekoaren ebazpena” eman genuen. “Horren bidez, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari iradokitzen zaio dagozkion neurriak har ditzan erreklamatzaileak bere familia-unitateak dituen espazio beharrei egokitzen den babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzeko aukera eduki dezan”.
Sailak erakunde honek egindako proposamena onartu zuen eta erreklamatzaileak, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena eman ostean, esleitzeko hurrengo prozeduretan parte hartu ahalko du, bere garapen pertsonala eta bere seme-alaben garapena ahalbidetzeko behar duten tamainako babestutako etxebizitzaz gozatu dezaten.
Modu berean, etxebizitzaren behar egoerari dagokionez, jakin dugu zenbait pertsonek aurkeztutako erreklamazioen bidez, alokairuko erregimenean babestutako etxebizitzen esleipendun izan diren zenbait pertsonek haserrea eta desadostasuna adierazi dutela Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak atzerapen handiarekin eman zituelako 2010eko azaroan egin zen zozketa batean esleitu zizkieten etxebizitzak. Salatu zuten Etxebizitzako Arabako Lurralde Ordezkaritzak ez ziela horren inguruko informaziorik eman. Izan ere, kasu batean hauxe izan zen erreklamatzaileak jaso zuen erantzuna: “idazki honen bitartez jakinarazi nahi dugu Ordezkaritza honek ez dakiela 2010eko zozketari dagokion promozioaren barruan dauden etxebizitzak –zuri esleitutakoa promozio horretakoa da– noiz emango diren”.
Erreklamazio horietan guztietan sailari etxebizitzak horrenbesterako atzerapenarekin emateko arrazoien inguruko azalpen bat eman ziezagun eskatu genion. Horrez gain, esan genion etxebizitzak noiz eskualdatzeko asmoa zuen jakinaraz ziezagun Erantzunean sailak etxebizitzen emakidan egondako atzerapena finantzazioari lotutako arazo baten ondoriozkoa zela azaldu zuen baina, bere hitzen arabera, herritarrek aurkeztutako erreklamazio guztiak konpondu dira eta esleipendunei dagozkien alokairuko kontratuak sinatzeko dei egin diete.
Berehala, erreklamatzaileei informazio horren berri eman genien eta, jarraian, sailaren jardun desegokia konpondutzat jo genuen. Hala eta guztiz ere, herritarrek aurkeztutako salaketa horiek mahai gainean jarri dute berriro ere alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen promozioari zuzendutako baliabide publikoak ez direla nahikoak eta eskumena duten herri-administrazioek euren politikak eta alokairuko programak sendotu behar dituztela krisi ekonomikoak areagotu duen eta geroz eta handiagoa den eskariari erantzun ahal izateko.
Finantza zailtasunek oztopoak jarri dituzte babestutako alokairu-erregimeneko promozio berriak aurrera ateratzeko, hala baieztatu baitu Etxebizitzaren Euskal Behatokiak ekainean argitaratu zuen txostenean “Etxebizitza babestua esleitzeko prozesuen eraginkortasunaren azterketa” izenekoa.
2.2. Etxebizitza babestuaren alokairua
Aurten babestutako alokairuaren kudeaketak, bai babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, bai “Etxebizitza Hutsaren Programaren (Bizigune)” barruan dauden etxebizitzei dagokienez, hainbat kontsulta eta erreklamazio eragin ditu. Horiek guztiak Etxebizitzaren arloaren barruan aztertu egin dira. Alokairuetako fidantzak itzultzeko atzerapenak, aurreko errentariek ordaindu gabe utzi zituzten fakturen kudeaketa, baita alokatutako etxebizitzak dituen gabeziak ere, gero eta gehiago errentariek erakunde honen esku jartzen dituzten kontuak dira. Oro har, aztertu ditugun esku-hartzeetan, atseginez egiaztatu dugu erreklamazioek hizpide izan dituzten arazoak bizkortasunez konpondu dituela Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari atxikita dagoen Alokabide sozietate publikoak.
Atal honetan herritar batek aurkeztu zuen kexaren gaineko aipamena egin nahi dugu; izan ere, desadostasuna adierazi zuen mendekotasun egoeran dagoen bere aitaren etxebizitzari dagokion alokairua garestitu zuten. Erreklamatzaileak azaldu zuen bidegabea zela garestitzea honetan oinarritu zelako: familia inguruneko zainketak burutzeko jasotzen zuen laguntzaren (mendekotasunari buruzko araudia aplikatuz) ondorioz bere aitak zituen diru-sarreretan. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari herritarraren erreklamazioaren berri eman genion eta aditzera eman genuen diru-sarrerak handitu baziren ere –aintzat hartu behar da jasotako laguntzaren helburu argia zaintzailearen laguntza konpentsatzea dela–, ez zuela alokairu gisa ordaintzen zuena garestitzea justifikatu zezakeen erosteko ahalmen handiagorik.
Sailak, emandako argudioak ikusita, mendekotasun egoeran zegoen pertsonaren errenta berriro aztertzeko eskaera onartu zuen eta kalkulua egiteko laguntzagatiko prestazioaren zenbatekoa deskontatu zuen. Horrez gain, aurreko hilabeteetan gehiegi ordaindutako zenbatekoak itzuli zizkion.
Modu berean, errentariek laguntza eskatu digutenean burutu ditugun esku-hartzeak aipagarriak dira. Euren alokairuetako errenten ordainketari aurre egin ezinik bizi ziren pertsona horiei, alokairuan zituzten etxebizitzetatik botatzeko prozeduraren hasieraren berri eman zieten. Kasu horietan, bitartekotza informala gauzatu dugu eragindakoen eta Alokabide sozietate alokatzailearen artean eta, azkenean, errentariekin zenbait konpromiso sinatu dituzte zor dituzten zenbatekoak geroago ordaintzeko. Modu horretan, alokairuan dauden familia eta pertsona horiek babestutako etxebizitzaz gozatzen jarraitu ahalko dute. Argi dago arazo hori eta hipoteka maileguen ez-ordaintzeen ondoriozko kaleratzeen arazoak kontuan hartuta, neurri eraginkor berriak beharrezkoak direla herri-administrazioek herritar eta familia askok pairatzen duten krisi ekonomikoa dela-eta ahuldu den funtsezko eskubidearen bermatzaile gisa duten eginkizuna burutu dezaten.
2.3. Kalteak etxebizitza babestuetan, eraikuntzako akatsengatik
Babes ofizialeko etxebizitzetan eraikuntza arazoen berri ematen diguten erreklamazioak jasotzen jarraitu dugu. Aurreko urteetan bezala, gure esku-hartzea honetan datza: eskumena duten herri-administrazioei herritarren salaketa helaraztean eta gabezi horren jatorria zehazten duen ikuskapen bat sustatzean. Horrela administrazioak, beharrezkoak diren legezko baldintzak betetzen badira, enpresa eraikitzaileari eskatu ahalko dio antzemandako akatsak konpondu ditzan.
Ekitaldi honetan amaitutzat jo ditugun espedienteak aintzat hartuta, erreklamazioen %50ean Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren konpromisoa lortu dugu. Horren arabera, etxebizitzaren enpresa eraikitzaileak edo, hala badagokio, alokairuan emandako etxebizitzen sozietate kudeatzaileak beharrezkoak diren neurriak hartu behar ditu salatutako akatsak konpontze aldera. Aztertutako gainerako kexen kasuan, ezin izan da ondorioztatu eraikuntzako gabezien jatorria eraikuntzaren akatsak edo okerrak zirenik; izan ere, eskumena duten herri-administrazioek egindako txosten teknikoetan azaldu da eraikuntzako gabezien sorreraren arrazoiak beste batzuk zirela, hala nola, mantentzerik eza edo babestutako etxebizitzan kalteak jasan dituzten elementuen erabilera desegokia. Hori guztia dela-eta, azken kasu horietan ez dugu beharrezkotzat jo herri-administrazioek euren gain hartzea eraikuntzako gabezien konponketari lotutako erantzukizuna.
2.4. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Ikusi ahal izan dugu babestutako etxebizitzen titularrei esleitutako etxebizitza okupatzeko eginbeharra ez betetzeagatik zigorrak ezarri izanari lotuta aurkeztu diren kexen eta kontsulten kopuruak gora egin duela. Erreklamazio guztietan (horien izapidetzea txosten hau ixterakoan amaitu genuen) ezin izan dugu egiaztatu etxebizitzaren okupazioa justifikatzen duten froga-elementu nahikorik edo, hala bazegokion, ikuskapena burutu zen bitartean bertan ez bizitzeko bidezko arrazoirik zeukatenik. Logikoa den moduan, hori dela-eta ezin izan dugu esku-hartze arduratsu bat burutu zigortzeko ahalmena gauzatu duen administrazioaren aurrean eta hala jakinarazi diegu zigorra jaso duten pertsonei.
Zigortzeko espedientea izapidetze fasean zegoen bitartean kontsultak jaso ditugunean, gure zeregina hau izan da: ikuskapenak hizpide zituen etxebizitzen jabeei azaltzea administrazioaren jardunaren helburua argia eta legezkoa dela, esleipenduna babestutako etxebizitza erabiltzen ari dela eta esleipen zehatz hori eragin duen etxebizitzaren beharra asebetetzera zuzentzen dela ziurtatzea hain zuzen ere. Premisa hori abiapuntutzat hartuta, erreklamatzaileei gomendatu diegu entzunaldi eta alegazioak aurkezteko izapideetan babes ofizialeko etxebizitzan benetan bizi direla egiaztatzen duten froga eta agiri guztiak aurkez ditzaten, herri-administrazioak behar bezala aztertu eta egiaztatu ditzan; izan ere, zalantzarik gabe, edozein administrazio zigor ezarri baino lehen, administrazio jardulea legez ezarritako gizabanakoaren eskubide eta bermeekiko adeitsua izan behar dela bidezkoa eta saihestezina da.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua: Arloko lege erreformak edo sektoreko planak
2012. urtean ez da Etxebizitzari buruzko Legea onetsi, hau da, etxebizitza duina eta egokia edukitzeko eskubidea eskagarria dela bermatzen duen legea. Dena den, etxebizitzari buruzko politika publikoak garatzeko xedez herri-administrazioen jarduera araudiari lotuta handia izan da –bereziki, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak sustatutakoa–.
ASAP Etxebizitza Librearen Alokairu Merkatuko Bitartekaritza Programa sortu duen martxoaren 27ko 43/2012 Dekretua argitaratuz, programa berri bat abian jarri da etxebizitza libreak arrazoizko prezioan alokatzea sustatzeko programa berria hain zuzen. Haren funtzionamendua “Etxebizitza Hutsen Programa” ezagun eta arituari gehituko zaio. Kasu horretan, alokairuko etxebizitza behar duten pertsonen eta hutsik dauden etxebizitzen titularren arteko harreman-zeregina Agente Laguntzaileen Sarearen (jabetza higiezineko agenteak) bidez egiten da eta etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak bere esku-hartzea mugatuko du eta ez-ordaintzeak, akats posibleak eta laguntza juridikoa estaltzen duten aseguruen polizak kontratatu besterik ez du egingo. Horrek guztiak “Etxebizitza Hutsen Programari” zuzendutako aurrekontuetako kostua gutxituko du.
Irizpide kronologikoari jarraiki, aipatu behar dugu aurtengo maiatzean “Eusko Jaurlaritzako gainzorpetutako familiei laguntzeko zerbitzua” sortu zela. Zerbitzu hori araudiaren xedapen batean oinarrituta ez badago ere, krisi garai hauetan agerian jarri diren arazoen artean larrienetako bati erantzuna emateko ezarri da: ohiko etxebizitza erosteko hipoteka maileguen ez-ordaintzeen ondoriozko kaleratzeen arazoa.
Zerbitzu hori kontsumo, justizia eta etxebizitzaren arloan eskumena duten sailen lankidetzarekin eratu da. Lehenengo biei dagokie finantza erakundeekin aholkularitza eta bitartekotza lanak egitea eta azkenari, hau da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari hauxe bermatzea dagokio: hipoteka betearazpen prozesu baten ondorioz etxebizitza galdu duten eta gizarte bazterkeria pairatzeko arriskuan dauden familiei babestutako etxebizitza alokairuko erregimenean eskuratu ahalko dutela bermatzea. Jarduera ekonomikoaren antolamenduaren arloan kontu hori aztertu dugu eta ekitaldi honetan hipoteka zordunak babesteko onartutako estatu mailako araudi lotsakor eta urria berariaz aipatu dugu.
Aurten etxebizitza eskatzaileen eta autonomia mailako babes ofizialeko etxebizitzak eta zuzkidura-ostatuak esleitzeko prozeduren gaineko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko sailburuaren 2012ko urriaren 15eko agindua ere onartu da (indarrean sartzea 2013ko urtarrilaren 2ra arte atzeratu zen). Horrek aldaketa esanguratsuak eragingo ditu Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroaren funtzionamenduan eta egungo babestutako etxebizitzen esleipen sisteman. Arau horren helburu nagusia esleipen prozesuetan eraginkortasuna hobetzea da, babestutako etxebizitzei uko egiten dieten etxebizitza eskatzaileen kopurua murrizteko mekanismoak ezarriz. Azken urteetan uko egite horiek modu esanguratsuan gora egin dute eta, kasu askotan, ez dira esleipendunei egozgarriak diren arrazoien ondorioz gertatzen, askotan arazoa hauxe baita: finantza erakundeek ez dituzte eskuratzaileek etxeak jabetza erregimenean edo azalera eskubidearen erregimenean eskuratzeko behar dituzten maileguak ematen (arazo hori aurreko atalean aipatu dugun “Etxebizitza babestua esleitzeko prozesuen eraginkortasunaren azterketa” izeneko txostenean jorratu da).
Agindu horrek barne hartzen dituen berritasunen artean, baloraziorik positiboenak merezi dituztenak azpimarratu behar ditugu, izan ere, horiei esker behar gehien duten pertsona edo kolektiboek babestutako etxebizitza lortzeko aukera edukiko dute. Alde batetik, urteetan zehar babestutako etxebizitzak zozketa bidez esleitu ostean, azkenean, 2013. urtetik aurrera, alokairuko erregimeneko etxebizitzen esleipena baremazio sistema batekin bat eginez burutuko da. Ararteko erakundeak urteetan zehar errepikatu duen eskaera bat izan da hori eta “Gazteentzako etxebizitza politika publikoak EAEn” gaiari buruzko txosten bereziak egindako gomendioen barruan dago.
Bestalde, hipoteka betearazpen baten ondorioz euren etxebizitza galdu duten eta gizarte bazterkeria pairatzeko arrisku larria duten adinez txikiko seme-alabak dituzten familiei zuzenean alokairuko babestutako etxebizitza esleitzeko erabakia ere egokia eta beharrezkoa iruditzen zaigu. Lehen ere aipatu dugun moduan, 2012ko urriaren 15eko aginduaren xedapen gehigarriaren bidez ezarri den neurri hori Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak erabili izan du “Eusko Jaurlaritzako Gainzorpetutako familiei laguntzeko zerbitzua” abian jarri zenetik.
Aurreko urteetan hasitako eta indarrean jarraitzen duten ekimenen artean, aurten ere babes ofizialeko etxebizitzen titularrei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzakoa den lurzorua erosteko aukera ematen dieten deialdi publikoak aipatu ditzakegu (Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko sailburuaren 2012ko uztailaren 26ko agindua eta geroagokoa den 2012ko urriaren 22ko agindua).
Modu berean, etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan, kreditu erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren arteko finantza lankidetzarako dekretua aldatzen duen urriaren 30eko 228/2012 Dekretuaren bidez etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan babesgarriak diren jardueren finantzazio baldintzak adostu dira 2013ko abenduaren 31ra arte eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak kaudimenik gabe dauden babes ofizialeko etxebizitzak berrerosteko bermea mantendu du. Sailak eginbehar hori gain hartu du hipoteka mailegu jakin batzuen kasuan, 2011. urtean finantza erakundeekin sinatutako finantza hitzarmenaren ondorioz emandako maileguen kasuan hain zuzen ere. Horrek esan nahi du neurri hori baliatu ahalko duten babestutako etxebizitzen titularren kopurua argi eta garbi mugatuta dagoela.
Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasotako eraikuntzen aldian behingo ikuskapenari buruzko xedapenak garatuz, azaroaren 21eko 241/2012 Dekretua onartu da. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan eraikinen azterketa teknikoa arautu da eta Eraikinen Azterketa Teknikoa (EAT) eraikinen segurtasun, bizigarritasun eta erosotasun baldintzen ezagutzan sakontzeko funtsezko tresna bilakatu da, bai eta horien egoera ona eta segurtasuna bermatzen duten neurriak hartzeko tresna ere (Hirigintzari eta Lurraldearen Antolamenduari buruzko atalean araudiko xedapen horren gaineko ohar zehatzagoa gaineratu dugu).
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorretik datorren araudiarekin amaitzeko, 2012ko abenduaren 28an Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuaren 2012ko abenduaren 12ko agindua argitaratu zen, babes ofizialeko etxebizitzak erosteko aukerarekin alokatzeari buruzkoa. Erosteko aukera ematen duen alokairua arautuz hauxe da sailak lortu nahi izan duena: etxebizitzen esleipendunek behar dituzten hipoteka maileguak lortzeko ezintasuna dela-eta, eskualdatzeko sortu diren zailtasunen ondorioz hutsik dauden babestutako etxebizitzentzat (jabetza osoan edo azalera eskubidean eskuratzen direnak) konponbide bat topatzea.
Azkenik, berriz aipatu behar dugu aurten ere euskal udalek euren eskumenak gauzatu dituztela udaleko etxebizitza tasatuen erregimena ezartzeko edo, hala badagokio, aldatzeko dagozkion udal ordenantzak argitaratuz (Zuiako Udala, Zizurkilgo Udala, Urdulizko Udalak, Derioko Udalak eta Ibarrako Udalak).
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2011. urtean ofiziozko jarduera bati hasiera eman genion babes ofizialeko etxebizitzak zuzenean esleitzean datzan salbuespenezko prozeduraren aplikazioari buruzko informazioa eskuratzeko asmoz (prozedura hori etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan babes ofizialeko etxebizitzen araubide juridikoari eta finantza neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuan arautu da).
Prozedura hori ezohikoa denez eta etxebizitza babestuaren esleipen zuzenerako kasuen eta betekizunen publizitate egokia bermatzen duen araudi-garapenik ez dagoenez, esku-hartze hori burutu genuen, babes ofizialeko etxebizitzen esleipen-prozesuetan gardentasuna eta herritar guztientzako tratu berdintasuna biziagotzen laguntzeko.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari laguntza eskatu genion eta 2010. urtean egindako babestutako etxebizitzen esleipen zuzenen gaineko datuak eta informazioa helarazi zizkigun. Bidalitako informazioa aztertu eta gero, jarraian laburbildu ditugun ondorioak atera genituen:
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Krisi ekonomikoaren gaur egungo testuinguruan, etxebizitza duina eta egokia edukitzeko oinarrizko eskubidearen berme erreal eta eraginkorra bermatu ahal izateko botere publikoek premiazko neurri arauemaile eta ekonomikoak hartu behar dituzte.
Errepikatu nahi dugu etxebizitzari buruzko legearen argitalpena beharrezkoa dela, beharra duten pertsona eta familiek ostatua edukiko dutela eta justizia auzitegien aurrean etxebizitza duina edukitzeko eskubidea exijitu ahalko dela bermatzeko. Era berean, herri-administrazioek babestutako alokairuari buruzko politikak finkatu eta sendotu behar dituzte. Horretarako, euren ezarpena eraginkorra izan dadila, beharrezkoak diren baliabide publikoak egokitu behar dituzte.
Gizarteak modu zabalean gaitzetsi duen pertsonak eta familiak euren ohiko etxebizitzetatik kaleratu izanak neurri osagarriak nahitaezkoak direla agerian jarri du; izan ere, orain arten hartutako neurriek argi utzi dute ez direla nahikoak.
Beraz, hipoteka betearazpena jasateko arriskuan dauden zordunak babesteko onartu diren arauak baliatu ahal dituzten pertsonen kopurua handitzea behar-beharrezkoa da, bai eta kaleratzeak gauzatu beharrean etxebizitzen gizarte alokairua sustatzea eta hipoteka zorra kitatzeko modu gisa ordainean ematea onartzea ere. Modu berean, kaleratzea alokairuko erregimenean okupatutako etxebizitzen kasuan gertatzen denean, ordaintzeke dauden errenten negoziazioa eta atzerapena ahalbidetzen duten mekanismo zehatzak abian jarri behar dira.
Oro har, herri-administrazioek urte honetan zehar jasotako herritarren kexen eta kontsulten izapidetzean zehar erakutsi duen prestutasuna modu positiboan baloratu dugu. Horrez gain, alokairuko etxebizitza parkea handitzea, babes ofizialeko etxebizitzak etxearen beharrari lotutako baremazio sistema baten bidez esleitzea sustatzea eta hipoteka betearazpen prozesu baten ondorioz euren etxebizitza galdu duten familiek babestutako etxebizitza eduki ahalko dutela bermatzea helburu duten programa eta arauak onartzea ere egokitzat jo dugu.
Amaitzeko, zera eskatu nahi diegu herri-administrazioei: zailtasun ekonomiko eta lan arloko zailtasun larriak nagusi diren une hauetan, aintzat har dezaten pertsona eta familia askoren etxebizitza duina edukitzeko eskubidea babestutako etxebizitzen gaineko politiken sustapen eta defentsa egokiaren menpe dagoela.